1985ean sortu zen abesbatza. Donostiako Kaputxinoen “Gaztedi Antonianoen” elkartearen urrezko ezteiak zirela-eta, txikitan Lurdesko Ama Birjinaren Eskolanian ibilitako hainbatek, beste zenbait lagunekin batera, koro bat sortu zuten. Aita Donostia Abesbatza izena aukeratu zuten, berorren lehenengo zuzendaria Patxi Balenciaga kaputxinoa izan zela.

1991n, Patxi Balenciagak koruaren zuzendaritza utzi egin zuenez gero, Jaime Tejadas eta Javier Alberdi hasi ziren zuzendari-lanetan. 1998an bakarrik geratu zen Javier Alberdi lan horretan, eta harrezkero bera izan da koru honen zuzendaria.

Aita Donostia Abesbatzak, urtetik urtera, gero eta parte hartze handiagoa izan du Elizako liturgian edo hainbat lehiaketa zein kontzertutan. Honela, urtero abestu ohi du San Bizente Elizako urte-amaierako elizkizunean, eta Irurako parrokian Eguberri egunean  Kantari aritu zen abesbatza Artzain Ona Katedralaren sorkuntzaren ehungarren urteurrenean ere, baita Mariaren Mirabeen Elizaren 125 urteurrena izan zenean.

Beste zenbait korurekin truke eginez ere eman izan ditu kontzertuak: Errioxa, Kantabria, Madril, Asturias, Nafarroa, Huesca, Toledo, Aragoi, Leon, Bartzelona, Ciudad Real, eta abar. Atzerrira ere egin ditu bidaiak, eta horietan aipagarriak dira Cast res-en (Frantzia) eskainitako kontzertua eta 2006an Argentinan zehar egindako bira.

Antzeko eran, abesbatza-lehiaketetan ere parte hartu du, kasurako: Ejea de los Caballeros, Autol, San Vicente de la Barquera, Aviles, Zumarraga, Benasque eta Arrigorriaga. Emaitza bikainak lortu ditu horietan, adibidez, 1993an Autol-en (Errioxa) lortu zuen lehenengo saria.

Zenbait grabaketa ere egin izan ditu EITBrentzat, eta horrez gain, “Dira dira Donostiako inauteriak” edo “Euskal billera 1901-2001” eta “Kaskarinak…dira” diskoen grabaketetan ere parte hartu zuen.

Abesbatzak Aita Donostia Aste Musikala antolatu ohi du 1998z geroztik, bere zuzendaria den Javier Alberdik bultzaturik. Aste Musikalean gure abesbatzak beste zenbait koru euskaldun, espainiar eta atzerritarrekin batera abestu izan du, goi mailako piezak eskaini izan ditu horietan, besteak beste: XVIII. mendeko Misa Ferialis (anonimoa), Réquiem (G. Faure), Felipe Gorritiren Meza, Rossiniren Meza Txikia, Mozarten Koroatze-Meza, eta Karl Jenkins-en The Armed Man (A Mass for Peace).

Aipaturiko hau dena egin du eta beste hainbeste egiteko asmotan da 65 pertsonaz osaturiko “Aita Donostia" abesbatza, Javier Alberdiren zuzendaritzapean.